XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal Kultur Erakunde bat Euskadirentzat.

Azaroak 26 eta Donostiako Santo Tomas Lizeoan, Elkarte sail bat bildu da helburu bat berak bultzatuta: Kultur Erakunde bat zabaldu Euskal Herri osora.

Honako hauk ziren bertaratutako Elkarteak: Euskaltzaindia, U.E.U., UZEI, Gipuzkoako Irakasle Elkartea, Bizkaiko Irakasle Elkartea, JAKIN, E.K.T. Idazle Elkartea, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Gipuzkoako Ikastolen Elkartea, Bizkaiko Ikastolen Elkartea, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea.

Berandu samar bada ere, eman zioten noizbait hasera bilerari.

Aurretik egindako bi bileren berri eman ondoren egunekoari ekin zioten, erakunde horren lehen urratsak zehazteko asmoz.

Pedro Mari Legarreta (Bizkaia) eta Juan Luis Larrazak (Nafarroa) egin zuten aurreko bileraren laburpen antzeko bat.

Bertan, Erakunde horrek izan beharko lukeenaren eta bere gain hartu beharko lituzkeen lanak proposatzen dira, aztertu eta eztabaidatzeko.

Eztabaida bera nahiko luzea izan bazen ere, iritsi ziren noizbait erabaki nagusi batzutara.

Hala nola: - Elkarteak berez, exekutiboa izan behar luke, nahiz eta gaur-gaurkoz hori ezinezkoa izan.

Horregatik bada, oraingoz, kontsultiboa izango litzateke Erakundearen egitekoa.

Hala ere, lan programaketa bat egin beharra ikusten dute epe labur edo luzeagorako xedeak markatuz.

- Idazleen Elkarteak, bere aldetik, politika kultural baten beharra azpimarratzen zuen.

Bere kezkak agertzen zituen, ordea, politika hori aurrera eramateko indarrik bazegoen ala ez, galdetzeko garaian.

- Hala ere, nolabait posible bezala ikusten zen indar hori.

Eta lan eginez eta zenbait programa konkreto bultzatu batez ere.

Horretxegatik, esate baterako, aurreko Altsasuko bileran Ikastolaren problematika azaltzea eskatu zen.

Komeniko litzateke, beraz, bilera horregatik hasita, lehen oinarriak ezartzen hastea.

- Beste puntu interesgarri bat hau izan zen: Gaurregun Euskal Herrian hamaika aldiz hechos consumados delako esalditxo hori entzun izan dugu.

Horregatik Erakunde horrek era horretako gauzak salatu egin beharko lituzte, eta ahal den neurrian aurrea hartu gainera.

Guzti horren ondoren, eta gauza luzatzen zihoakielako, hurrengo bilerarako puntuak erabakitzen hasi ziren.

Honela, esate baterako.

- Erakunde honek nolakoa izan behar lukeen eta nola funtzionatu behar lukeen adieraziz, aurreproiekto bat landuko beharko luke elkarte bakoitzak.

- Halaber, Elkarte bakoitzak lan programaketa bat egin dezala proposatzen da.

Bukatzeko, esan dezagun baita, Elkarte bakoitzari galdera zerrenda bat eskuratu zitzaiola, hurrengo bilerarako erantzun ziezaien.

Hurrengo bilera.

Abenduak 10 egingo da St. Tomas Lizeoan.